XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Deskarga erreka bideratzeko hitzarmena sinatu dute

Antzuolatik datorren Deskarga edo Urola errekak Deba ibaiarekin bat egiten duen tartean erreka bideratzeko hitzarmena sinatu zuten eguenean Udaletxean Jose Antonio Maturana Garraio eta Herrilan sailburuak eta Victoriano Gallastegi Bergarako alkateak.

Inguru horretan izan diren uholdeak etorkizunean ekiditu nahi dira. Horretarako, ia 263 milioi pezeta bideratuko dira.

Eusko Jaurlaritzak % 75 ordainduko du eta Gipuzkoako Diputazioak % 25.

Lanen adjudikazioa urtea amaitu baino lehen egingo da eta obrak bederatzi hilabeteren buruan bukatuta egotea espero da.

Beraz, datorren urte bukaerarako edo lanak amaituta egongo dira.

Lanak egin ahal izateko San Antonioko bidegurutzeko etxe batzuk bota egingo dira: San Migel kaleko 1, 3 dagoeneko botata dagoena eta 5 zenbakiak eta La Parrako etxea eta San Antonioko ermita dira botako diren eraikuntzak.

Udalak, baina, botako diren etxeen jabeekin espropiazio negoziazioak burutu beharko ditu aurretik.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bergarako Udalaren arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldian, obraren garrantzia azpimarratu zuen Jose Antonio Maturana Garraio eta Herrilan sailburuak.

Deskarga errekak tarte horretan herritarrei sortarazi dizkien arazoak ekiditzeko eta etorkizunean berriz ere uholderik izan ez dadin oso garrantzitsua da proiektua.

Bestaldea, aurrerantzean, Deba ibaiak arazoak sortzen dituen Bergarako beste toki batzuetan ere konponbideak bultzatuko dira esan zuen.

470 metroko zatia

San Antonion sarritan egin du gainezka Deskarga errekak.

Bereziki larriak izan ziren 1953ko urriko, 1983ko abuztuko eta 1988ko uztaileko uholdeak.

Obra honekin inguru horretan errekak gainditu behar dituen oztopoak (zubiak, etxeak...) kendu egingo dira eta erreka bideratuko da.

Arregi aroztegian baino lehenago hasi eta errekak Deba ibaiarekin bat egiten duen zatiraino bideratuko da (470 metro).

Toki batzuetan metro erdi inguru lur jango zaio errekari, beste batzuetan erreka zabaldu egingo da eta ormak egingo dira; halere, aldaketa nagusiak bidegurutze inguruan izango dira, etxeak bota eta errekaren ubidean biurgune batzuk zuzendu egingo baitira.